Pentsio publikoak bizitza duin baterako berme Pentsiodunen taldea Bat-Etorri / Adostasuna

PENTSIODUN ADISKIDEEI

Esku artean duzun agiri honetan informazio zehatza eman nahi dizugu pentsiodunek plazaratu ditugun eskaerei buruz, eta argudio sendoak azaldu, gure eskaeren oinarria guztiz arrazoizkoa eta egingarria dela erakusteko. Bi zentzu ditu lan honek: alde batetik, ideia berriak plazaratu nahi ditugu gizartean, pentsiodunen mugimendua ahal bezain elkartua eta indartsua izan dadin; eta bestetik, alderdi politikoei eta sindikatuei gure gutxieneko baldintzak azaltzea, gizarte osoari eragiten baitiote, eta haiengandik erantzun positibo bat espero baitugu. Idatzi luze honetan, pentsioen sistema publikoa bideragarri bihurtzeko lan egn beharra azpimarratzen dugu11, hori baita bizitza duin baterako berme bakarra. Lan hau egin ahal izan dugu behean sinatzen dugun guztion ekarpenen bitartez. Bakoitzak maila pertsonalean izenpetzen du, baina, jakina, elkarteen eta herrietako plataformen ordezkari garen heinean egiten dugu.

ESKATZEN DITUGUN PENTSIO PUBLIKOAK

Azken hamarkada honetan, gure herrian izandako gertakarien artean garrantzizkoena izan da azken bi urte hauetan pentsiodunek eta feministek antolatu duten mugimendua, emakumeen eta gizonen berdintasunaren alde, zaintza lanak banatzearen alde, eta soldatetan nahiz pentsioetan dagoen genero arrakalaren aurka. Plazara atera gara agintea dutenei aski da esatera, gure eskubideak murriztu nahi izan dituztenean, batez ere, ahulenen aurka egin nahi izan dutenean.

Harro egon beharra daukagu, egia esateko, pentsiodunen elkarte, plataforma eta gainerako taldeetako kideek izan dute jarreragatik; etxeko lanak alde batera utzi eta elkartu gara, asterik aste, gure herrietako kale-plazatan, elkartasunaren ikur bakarrarekin.

Hilabete luzeko borrokaren ostean, urrats bat aurrera egin nahi dugu, elkartasun hori indar bihurtu nahi dugu, gure borroka garaipen bidean jarri nahi dugu. Izan ere, borroka hau irabazi egin genezake, jarraitutasunez eta argitasunez jokatzen badugu, gure muga guztien gainetik, begirada etorkizun berri batean jartzen badugu, eta gauza baldin bagara pentsiodunen mugimendura biltzeko indarrak eta itxaropena.

Ezinbestekoa da, noski, pentsiodunen talde eta mugimendu guztien batasuna; adostasunaren bitartez, gure arteko aniztasuna eta zeharkakotasuna indartuko ditugu. Gure borrokaren helburu nagusia da pentsioen sistema publikoaren alde egitea, gainerako eskakizun guztiak oinarri horren gainean eraiki behar baitira. Arrazoibide hauetan azaltzen ditugu gure oinarrizko eskakizunak:

Pentsioen sistema publikoaren etorkizuna ziurtatzea, aberastasuna elkartasunez banatzeko sistema denez.

Pentsioen erosahalmenari eustea, lege bidez, KPIren arabera. Gutxieneko pentsioa 1080 eurokoa, bai gizonentzat, bai emakumeentzat, bizitza duina bermatzeko.

Iraunkortasun faktorea behin betikoz deuseztatzea. Pentsioetan genero arrakala amaiarazteko neurriak hartzea.

ARRAZOIBIDEAK

1.- sistema publikoen arazo bakarra da ez zaiela finantza botereei gustatzen.

Gizarte Segurantzak ongi funtzionatzen du, ekarpenen ekitate eta elkartasun printzipioetan oinarrituta, baina bankuek eta funts pribatuek ez dute begi onez ikusten: izan ere, aberastasuna banatzea ez dute begi onez ikusten beren eskuetan bildu nahi dutenek (1). Horrela, esaten dute Gizarte Segurantza ez dela bideragarri eta krisian dagoela, gezurra izan arren. Egia balitz, Gizarte Segurantzaren egoera hobetzeko bitarteko gehiago erabiliko lukete.

Gizarte Segurantzak etorkizuneko erronka asko ditu, jakina, pentsio gehiago ordaindu beharko baititu, handiagoak eta denbora luzeagoz, gainera. Baina erronka horiek aise gainditu ditzake horretarako borondate politikorik baldin badago. Langileen lansariak igotzen badira; politika fiskalak, Sozietateen gaineko zergan opari fiskalak egin ordez, pentsioak finantzatzeko zergak ezartzen baditu; eta kotizazioak erabiltzen badira, soil-soilik, pentsioak finantzatzeko. Labur esanda: pentsio publikoen lege bat onartzen bada, eta pentsioei aurre egiteko funtsak eratzen badira.

2.- Murrizketak ez dira pentsio publikoak indartzeko, baizik ahultzeko.

Gizarte Segurantza defizit egoeran badago, edo pentsioen funtsa ia guztiz desagertu bada, hori gertatu da gobernuek hala nahi izan dutelako, ez inola ere pentsio publikoei eusteko dirurik ez dagoelako. Gauzak oso argi daude. Gizarte Segurantza defizit egoerara eramatea eta murrizketak egitea da modu bakarra jendeak sinetsi dezan sistema ez dela bideragarria (2). Jendearen artean beldurra eta mesfidantza lantzen dira, ahal duenak pentsio pribatu bat edo BGAE bat kontratatu dezan.

Gobernuek ez dute aldatzen pentsioen balioa handitzeko indizearen legea, pentsioak ez daitezen igo % 0,25 baino gehiago datorren urtean, pentsiodunen borrokan eragozten ez badu behintzat. Europako Batzordeak garaiz kanpoko aurreikuspen ekonomiko batzuk plazaratu ditu, Gizarte Segurantzaren pentsio gastuak 2050ean BPGd-ren % 18an jartzeko; aldiz, Erantzukizun Fiskaleko Agintaritza Independenteak (AIReF), errealismo askoz ere handiagoz, % 13,4an utzi du.

Horrelako aurreikuspen alarmistaren bidez ziurgabetasun giro bat sortu nahi dute pentsiodunen artean, negozio pribatuei bidea errazteko, printzipio bakarra baitute: «dena guretzat, ezer ez besteentzat».

3.- Gure eskakizunak elkartasunean oinarritzen dira eta bideragarriak dira.

Zentzumen hutsa dira eta errealistak, gainera. Zentzuzkoak dira, pentsio hain urriak ditugunean. Euskadin, 140.000 pentsio daude; horietatik laurden bat, 650 eurotik behera; ia erdia, 824 eurotik behera. Espainiako estatuan, 9,5 milioi pentsioetatik, 3,5 milioi dago 650 eurotik behera. Pentsioen % 70 ez da 1080 eurora iristen.

Gainera, sistema publikoa da bideragarriena, belaunaldien arteko elkartasun printzipio batean oinarritzen baita: ez du denbora luzean pilatutako aurrezkirik behar, ez dago merkatuaren espekulazioaren gorabeheren mende, ez du gainkosturik pentsio pribatuek bezala, eta Estatuaren bermea du.

Ez da inola ere zentzuzkoa esatea pentsio publikoak ez direla bideragarri eta pentsio pribatuak, berriz, bai. Ikuspegi horren atzean zekenkeria besterik ez dago: Gizarte Segurantzaren aurrekontuko 150.000 milioi euroen zati garrantzitsu bat beren negozio pribatuetara eraman nahi dituzte, besterik ez (3).

4.- Gizarte Segurantzaren sistema ongizatearen atal garrantzitsu bat da, bideragarria baita aberastasuna banatzen bada.

Estatuak bermatu behar du pentsio publikoen sistema, legen bitartez eta aurrekontu orokorretatik behar diren ekarpenak eginda. Euskal erakundeek ere ardura handia dute, aberastasuna banatzerakoan justizia egon dadin. Aurrekontua erabilita, pentsioen osagarriak ezarri daitezke, pentsiodunen egoera hobetzearren.

Beraz, gastu publikoaren sabaia beran behera utzi behar da, eta diru sarrerak handitu, zergen bitartez. Gobernuaren politika orokorrak aldarazi nahi baditugu, enplegu politikak bultzatu, lansari handiagoak lortu, genero berdintasuna sustatu eta lansarien arrakala deuseztatu, ezinbestekoa da gure sektore guztien mobilizazioa. Gure esparrua pentsioak dira, bideragarritasuna eta erosahalmenari eusteko borroka; guztiz egingarria, produkzioa hobetzen bada eta aberastasuna banatzen bada (4).

5.- Jokoan ditugu pentsio publikoen izatea eta nahikotasuna.

Gure lehentasun handiena da gehiengo bat lortzea Espainiako Kongresuan, lege bat edo gehiago onar ditzan, pentsioen sistema publikoa berreskuratzeko. Indargabetu behar da 2013an alde bakarrez egindako erreforma, iraunkortasun faktorea ezarri baitzuen, erretiratze eredua aldatu baitzuen adostasunik gabe, eta ordezpen tasa murriztuko baitu gaur egungo % 78tik % 48ra 2040an. Gainera, erretiro adina 65 urtera ekarri behar dugu ostera, gure gazteei aukera gehiago emateko bidea baita.

Pentsio publikoen helburu hau berehalakoa da, apalagoa eta premiazkoagoa beste edozein ekimen baino, Konstituzioaren erreforma bat edo autonomia estatutuen aldaketak baino askoz ere premiazkoagoa. Begien bistakoa da arrazoia: eraso ikaragarri bat ari da gertatzen pentsioen sistema publikoaren aurka, bideraezina dela aitzakiatzat hartuta. Eraso hori mehatxu zuzen-zuzen bat da gaur egungo pentsiodunentzat, noski, baina baita gizarte osoarentzat ere, etorkizuneko pentsioak kolokan jartzen baititu. Gainera, gaur egungo pentsiodunei leporatzen die errua, sistemaren gainbeheraren ardura balute bezala, langile gazteei pentsioa izateko eskubidea kenduko baliete bezala.

Beraz, asko dugu jokoan. Pentsioak handitzea baino areago, pentsioen sistema publikoa bera dugu jokoan. Une larri da, zalantzarik gabe, gauzatu nahi diren neurrien bitartez ziurgabetasuna eta pobretasuna handitu besterik ez baitira egingo.

6.- Laguntzak ez dira aski pentsioen sistema publikoaren pribatizatzea eragozteko.

Pentsio publikoak dira, beraz, lehentasunez babestu beharrekoak, hor baitago benetako arriskua. Izan ere, pentsio publikoak ez dira goizetik arratsera galduko, baizik pixkanaka. Murrizketak gutxinaka egingo dira, pentsioak ahulduko dira eta bermeak urardotu.

Aldi berean, pentsio pribatuak gogor ari dira sustatzen. Are eta gehiago, onura fiskalak eskatzen dira, inolako oinarririk gabe; izan ere, negozio pribatuak gizentzeko diru publikoak erabiltzea besterik ez da hori. Herritarrek eskubidea dute, noski, aukeran dituzten pentsioak eskuratu ahal izateko, baina pentsiodunak ez daitezke bat etorri kontu honetan. Jokabide horiekin pentsio publikoak garatzeko gaitasuna mugatzen da eta berez egin beharrekoaren aurka doaz, gobernuen zeregina baita zuzenbide publikoa babestea eta guztion interesen alde egitea.

Euskal Herrian, hautetsi publikoen ardura da pentsio publikoak babestea, kohesio sozialaren bizkarrezurra baitira. Eusko Legebiltzarrean pentsiodunen eskaeren aldeko legeak bideratu beharko lituzkete Kongresura, parlamentu saio batean bozketan jar daitezen. (5)

Gasteizeko eta Iruñeko gobernuek ere laguntzak onartu beharko lituzkete, 1080 euroko mailara iristen ez diren pentsiodunen alde, berezkoak dituzten eskumenak erabilita. Badakigu halako laguntzak ez direla pentsio publiko, ez baitaude Estatuaren bermepean, baina eskatu beharra dauzkagu, prekariotasuna arintzeko ezinbestekoak baitira.

Edonola ere, ohartzen gara era horretako osagarriek ez dutela gutxitzen Estatuaren mendeko pentsio publikoak galtzeko arriskua. Hori da arriskurik larriena, hori da gure mobilizazioen bitartez alboratu nahi duguna. (6)

7.- Gure eskaerak gaurko eta biharko pentsiodunenen izenean egiten ditugu.

Hauek dira gure oinarrizko eskakizunak: gaur egungo pentsioen sistema publikoaren bideragarritasuna aldarrikatzen dugu, banakuntzan eta elkartasunean oinarrituta, eta kotizazioen bidez nahiz Estatuaren aurrekontuen bidez elikatuta; pentsio duin eta KPIren arabera eguneratuak nahi ditugu; 1080 euroko gutxieneko pentsioa nahi dugu; genero arrakala gutxinaka deuseztatu nahi dugu; murriztutako eta galdutako eskubideak berreskuratu behar ditugu; iraunkortasun faktorea eta pentsioen balioa handitzeko indizea berehala deuseztatu behar dira, % 0,25era berriro ez itzultzeko.

Argi eta garbi dago zentzuzko eskakizunak direla. Ekonomia Ministerioak berak aitortzen du pentsioen gastua ez dela BPGd-ren % 13,9tik gora joango urterik zailenetan ere, baby boom urteak datozenean; gastu maila oso onargarria, beraz (7). Frantzia, Austria, Italia, Portugal edo Finlandia maila horretan edo gorago daude, esate baterako. Azkenik, nabarmendu beharra dago Espainiako estatuaren aberastasuna (BPGd-ren bitartez neurtzen dena), tartean 2008ko krisi latza egon arren, bikoiztu egin dela euroa ezarri zenez geroztik. Pentsio publikoen eskakizuna babes bat besterik ez da, prekariotasunetik ateratzeko babes bat (8).

8.- Badago aski dirurik eta aski modurik pentsio publikoak finantzatzeko.

Aberastasuna hobeki banatzea aski litzateke pentsio publiko duinak bermatzeko (9), aski litzateke ziurgabetasuna amaiarazteko eta ekonomia hobetzen laguntzeko. Hala ere, aberatsek nahiago dute defizitaren arazoarekin itsutzea, gainerako arazoak ahantzi ditzagun; adibidez, zerga elusioa eta iruzurra, itzalpeko ekonomia edo enpresen irabazien zergagabetzea.

Arrazoi asko daude pentsioak aurrekontuen bitartez ordaintzeko (10). Pentsioen gastua % 20 handituta —aise egin daitekeena— berehala amaituko litzateke Gizarte Segurantzaren defizita eta sistema bideragarria izango litzateke. Diru sarrerak ziurtatzeko iturri asko dago, eta gizarteak erabaki behar luke nola banatzen diren iturri horiek.

Pentsiodunok proposamen batzuk egiten ditugu. Itzalpeko ekonomia argitara ekarrita, BPGd-ren % 25 gehiago sortuko litzateke, zerga sarrerak hobetu eta kotizazioak handitu. Zerga iruzurraren aurka eginda, 90.000 milioi euro lor daitezke. Kotizazio tasak ongi kudeatuta (doikuntzak eginda, gehieneko mailak kenduta eta tarifa lauak deuseztatuta), beste 18.000 milioi euro eskuratu daitezke. Zerga erreformak beste 84.000 milioi euro emango lituzke (ez ahantzi Eurogunearen aldean % 7 gutxiagoko presio fiskala dugula). Ustelkeria hondorik gabeko putzu bat da; haren aurka egitea nahitaezkoa da, bai konfiantza berreskuratzeko, bai diru sarrera neurtezin bat lortzeko.

Gainera, beste politika batzuk sustatu daitezke enpleguan eta ekonomiaren hazkundean, nahiz, egia esateko, ez den hainbeste dirurik behar ere.

9.- Ez dago krisian pentsioen bideragarritasuna, baizik gobernuen politika.

Ongi dakigu pentsioen bideragarritasuna bermatzeko aski dela aberastasuna ongi banatzea. Aldiz, orain arte gobernuek ahuldu besterik ez dituzte egin aberastasuna banatzeko tresna eraginkorrenak, lan erreformaren bitartez, pentsioen murrizketaren bitartez, erosahalmenaren aurkako neurrien bitartez, edo lan arloko negoziazioaren erreformaren bitartez, lansari oraindik apalagoak ekarri baititu. Gainera, ustelkeriaren edo zerga iruzurraren aurkako borroka baztertu dute, eta ez dute ausardiarik izan erreforma fiskal sendo bat egiteko. Bide horretatik ez dago etorkizunik pentsio publikoentzat.

Rajoyren garaia amaiarazi zuen zentsura mozioaren ondotik, aurrekontuak egin eta gauzatu dira, 2018ko abenduaren 28ko Legea onartu da, baina aurrerapausoen gainetik, ez da baliogabetu iraunkortasun faktorea, pentsioen balioa handitzeko indizeak bertan dirau (horrek eragin zuen % 0,25eko igoera), eta diru sarreren egitura indartzeko neurriak falta izan dira. Argi esan beharra dago oraingoz ez dagoela finantzaketa eredu berririk Gizarte Segurantzaren defizitari aurre egiteko, pentsiodunen kopurua etengabe handituko den arren, 2050ean 15 milioi izateraino.

Azkenik, aipatu beharra dago, baita ere, Europaren krisia eta pribatizazio politika, pentsio publikoetan eragin zuzena izaten ari dena. Arrazoi sendo bat gehiago, eztabaida publiko bat eskatzeko Brusela egiten ari den bideaz eta bere politikaren porrotaz (11).

Gobernuen politikak eta pentsioak finantzatzeko ausardia falta dira benetako porrotak. Ez pentsio publikoak. Hori da arazoa.

Pentsio publikoen bideragarritasuna bermatzen da pentsiodunen mugimendu indartsu baten bidez

Horrela da. Pentsiodunen eskakizunak errealistak dira, bideragarriak dira, herritarren bizi-maila hobetzen dute eta onak dira gure ekonomiarako. Besterik gabe, onartu egin beharko lirateke. Bistakoa da, ordea, batzuek ez dutela ulertu nahi.

Agian itsumen politikoa besterik ez da, baina, ziurrenik, arazo honetan berriro betetzen da arau ezagun bat: politika da agintzen dutenen gogoa betetzeko tresna. Hala da gehienetan, non eta herritarrak ez diren elkartzen lozorrotik ateratzeko, eta egia osorik eta biluzik erakusteko arrazoiak ez dituzten erakusten.

Pentsiodunen mugimenduak ez du, oraingoz, behar besteko indarrik bildu borroka honetan gailentzeko. Ahul gara oraindik alderdi askotan, eta horretan pentsatu beharra daukagu ezinbestean. Akatsak zuzendu behar ditugu eta gure mugak gainditzen ikasi, gure esku bakarrik baitago pentsio publikoen etorkizuna bideragarria izatea. Hala eta guztiz ere, gure indarra begien bistakoa da, egiaren alde ari baikara, eta gizarte osoaren ongintzaren alde.

1.- Pentsiodunen mugimendua indartu egiten da bere aniztasuna aitortzen duenean.

Era askotako elkarte, plataforma eta taldeek osatzen dute gure mugimendua, milaka pertsona gara, genero desberdinekoak, sentiberatasun aldagarria dugu, baldintza material ezberdinetan bizi gara. Mugimendu plural eta zeharkakoa da gurea; horregatik da hain zabala eta, aldi berean, konplexua.

Behartuta gaude, beraz, elkartuta egotera, elkar ulertzera, guztion proiektu ba babesteko, pentsiodun emakume eta gizon guztien proiektua. Horretarako, jakina, zubiak eraiki behar dira, norbanako edo talde bakoitzaren xedeen gainetik; hori da gure arnasaren beharra eta indarra.

Gatazka honetan, talde edo elkarte batek ez du indar aski izango bakarka, baina haize zurrunbilo indartsu bat izango da besteekin elkartuta jokatzen badu. Proiektu elkartu bat ez da agiri intelektual soil bat, datuz eta egitatez betea. Hori baino gehiago da. Berdintasunetik eta apaltasunetik sortzen den begirada berri bat da, besterengandik entzun, ikusi eta ikasi behar dugula gogorarazten digun begirada. Elkartasuna, leialtasuna, enpatia, lankidetza eta aitortza dira proiektu sendo bat eratzeko nahitaezko osagaiak.

2.- Elkartasunak soilik ardaztu dezake mugimendua elkartzeko adinako proiektu bat.

Guztiontzako proiektu bat nahi badugu, elkartzen gaituzten balioak bilatu behar ditugu. Ez bakarrik bilatu, baizik landu eta gauzatu. Has gaitezen lanean, paper eta arkatzik gabe, gure ekintzen bitartez. Elkar errespetatuz. Gure eskaeren inguruan lan egiten duten adiskideak eta taldeak, bakoitzaren nortasuna eta planak zapaldu gabe. Elkarteak, plataformak eta taldeak behartuta gaude adostasuna bilatzera. Horiek dira elkartasunaren balioak.

Lagundu behar ditugu industrian, zaintza lanetan, zerbitzuetan edo administrazioan ari diren emakumeak eta gizonak, haien eskubideak babestu behar ditugu, berdin gazteak, gaixo kronikoak, mendekoak, sendagileak edo erizainak izan. Estatuko pentsiodun guztiekin elkartuta, berdintasunean. Ekimenak partekatu behar ditugu beste antolamendu batzuekin, eskubide zilegiak babesteko.

Era horretako jarrerekin soilik eraiki ahal izango dugu elkar ulertzeko proiektu bat. Elkartasuna erein behar dugu euskal gizartean. Eztabaida foro eta mahai guztietara joango gara, gonbidatzen gaituztenean, hedabide guztiekin jardungo gara, eraiki behar dugun egiaren parte baikara gu.

Gure eskakizunak lau haizetara zabaldu behar ditugu, noski, eta behar den organismo guztietara iritsi, pentsio publikoen etorkizunaren irtenbidean partaide izan nahi baitugu.

3.- Borroka irabaz genezake, arrazoia gure alde dugulako, eta behar dugulako.

Gurea ez da borroka teoriko bat. Agintzen dutenek nahi lukete gu nahasita ibiltzea pentsioen etorkizunari buruzko burutazio galduetan, eta, bitartean, ez dute euro bat bera ere jartzen Gizarte Segurantzaren defizita arintzeko. Gizarte Segurantzaren defizitaz eta zor publikoaren egoeraz ikara zabaltzen baldin bada, aberatsek irabazi egingo dute borroka hau. Baina argi dago, baita ere, aberatsen eta enparauen diskurtsoak zailtasun handiak dituela, «dena guretzat, ezer ez besteentzat» printzipioa aplikatzeko.

Ezegonkortasun egoera batean bizi gara. Ekonomia menderatzen duen klasea gehiegi lapurtzen hasten den orduko, ekonomia moteldu egiten da, gobernuak zenbakiak ezin biribildu ibiltzen dira. Alderdi politikoak entzungor egiten dute, dirua behar baitute kutxetan, aparatuari eusteko.

Pentsiodunen eskakizunak egingarriak dira, arrazoiaren logika gure alde baitugu. Oraingoan, entzun egin beharko gaituzte. Jendea erreskatatuko dugu, etorkizuneko belaunaldiak babestuko ditugu.

ERANSKINAK

1. ERANSKINA. 2017an, Espainiako estatuan 3 pertsonek biltzen zuten aberastasuna zen populazioaren % 30enaren (14 milioi lagun) parekoa. Euskadin, berriz, estatistika ofizialetan diren 2007ko datuen arabera, % 1 aberatsenek zeukaten populazioaren % 43k adinako aberastasun. Hau da, 21.800 pertsonek zeukaten 933.000 pertsonek adina.

2. ERANSKINA. Gobernuak kredituak behar izan ditu pentsioen 19.200 milioi euro ordaintzeko 2019ko ekainean, eta Gizarte Segurantzaren Erreserba Funtsean gordeta dauka 5.000 milioi euroko gerakin txiki bat. Funtsak bere egoera gorena 2011n izan zuen, 65.800 milioi eurorekin, hau da, Gizarte Segurantzak 2008-2011 bitartean izandako superabiten emaitzarekin, Estatuaren urteko aberastasuna (BPGd-ren bitartez neurtzen dena) 1.000.000 milioi euro zenean. Orain, berriz, urteko aberastasuna 1.200.000 milioi eurora igo denean, Gizarte Segurantza defizit egoeran dago. Ondorioa argi dago: aberastasuna ez doa pentsioetara, baizik gutxi batzuen eskuetara, gero eta gehiago.

3. ERANSKINA. Aspertu arte esan izan digute pentsioak pikutara joango zirela ez bazen murrizketarik egiten. Orain esaten digute 2050ean, baby boom urtearen inguruan, egoera bideraezina izango dela. Hamarkada horretan, Gizarte Segurantzaren gastuak igoko dira BPGd-ren % 10etik % 15,1era, edo, okerrenera ere, % 17ra, ekonomista batzuen iritziz. Ekonomia Ministerioak 2019an egindako azken azterketetan, aldiz, aurreikusten da gastua BPGd-ren % 13,9ra igoko dela 2040-2050 hamarkadan, gehiena jota ere, eta hurrengo urteetan % 10,5era murriztuko dela. Aurreikuspen hori bidali du ministerioak Bruselara, egonkortasun planen barruan. Aurreikuspen hori ez da batere kezkagarria. Frantzia, Italia, Portugal, Austria edo Finlandia zenbaki horietan dabiltza dagoeneko, Bruselak txintik esan gabe. Pentsio publikoak arriskuan daude, bai, baina murrizketengatik.

4. ERANSKINA. Esaten digute pentsiodunen kopurua handitu egingo dela, lanean ari den populazioaren aldean, eta horrek bihurtuko dituela bideraezin pentsioak. Aurreikuspen horietan ez da, baina, kontuan hartzen produktibitatearen faktorea, hori baita erabakigarria. Lan eremuan, langile bakar batek gaur egun 5.000 bider gehiago ekoizten du, orain dela 100 urte baino. EAEn, 2017an populazioa 1996an bezalakoa zenean (% 3 gehiago soilik), 21 urte baino lehenagokoaren aldean aberastasuna bikoitza sortu genuen (72.0000 milioi euro). Antzeko zerbait gertatu da Espainiako estatuan azken 21 urteetan: aberastasuna bikoiztu egin da, baina, hala ere, esaten digute bide horretatik Gizarte Segurantza pikutara doala.

5. ERANSKINA. Nahi duenak ahal du, esan ohi da. Azter dezagun politikarien borondatea. 1981-2012 bitartean, Eusko Jaurlaritzak sustatutako lege batek biziarteko pentsioa ematen zien lehendakariari, sailburuei eta sailburuordeei, 55.000 euro ingurukoak (lanean ari den kargudun baten % 50), eta heriotza gertatuz gero, alargunaren eskura zihoan. Gaur egun, Gorteetako eta autonomia erkideetako parlamentariek gehieneko pentsioa jasotzen dute, 14 ordainketatan, legealdi bat betetzen badute. 1990eko hamarraldian, Armadaren barne erreformaren bitartez erreserba aktibora igarotzeko aukera zabaldu zen, lanean 15 urte bete gabe eduki arren, lansariaren % 95 batekin, eta soldatapeko beste lanak egiteko aukeraz.

6. ERANSKINA. Lanaren batez besteko errenta 11.950 euro izan zen 2015ean, 15.151 euro gizonentzat eta 8.990 euro emakumeentzat; batez besteko pentsioa, 15.947 euro, alarguntasunekoa 10.760 euro. Diru sarrerak bermatzeko errenta, batez beste, 7.506 euro da urtean. Europar Batasunaren datuen arabera, Hego Euskal Herrian 528.273 pertsona daude pobreziaren mailaren azpitik; 5etik 3, emakumeak dira. Diru sarrerak bermatzeko errenta 63.000 familiak jasotzen dute, pobreziaren mailan daudenen % 35, eta % 25 pentsiodunak dira. Aipatutako % 35 horretan, % 93 bertan jaiotakoak dira. 2018ko urtarrilean, 72.800 pertsona zeuden mendekotasun egoeran, baina % 57k ez du inolako laguntzarik jasotzen. Izan ere, laguntzak oso baldintzatuta daude eta urtez urteko aurrekontuen mende egoten dira.

7. ERANSKINA. Argi dagoenez gaur egungo datuekin Gizarte Segurantzaren desorekak erraz berdindu daitezkeela, etorkizunera jotzen da pentsio publikoen bideraezintasuna iragartzeko. Aurreikuspenak, baina, ez dira hain kezkagarriak. Ikus dezagun egoera, kontrakoek ematen dituzten datuetan oinarrituta. Pentsioen gastua izan zen 2007an BPGd-ren % 8,4, eta 2060an % 15,1era iritsiko da; beraz, baliabide gutxiago egongo da beste programa edo laguntza sozialetarako. Gauzak horrela, 2060an produktibitatea izango da 2007an halako 2,23, urtean KPIren igoera % 1,5 apal bat kontuan hartuta,hau da, oso zentzuzko aurreikuspen bat. Hau da, 2007an BPGd 100 izan baldin bazen, 2060an 223 izango da, datu horien arabera; pentsiodunez kanpo, 2007an izan ziren baliabideak dira 100 ken 8,4 (urte hartan gastu ehuneko hori izan baitzen pentsioetan), hau da, 91,6. Aldiz, 2060an BPGd 223 izango denez, pentsioen gastua kentzen badiogu (BPGd-ren % 15,1, hori da, 33), gelditzen den emaitza da 192. Beraz, 2007an izandako kopurua (91,6) halako bi eta gehiago oraindik. Labur esanda, baliabide gehiago izango da pentsioetarako eta beste programa edo laguntzetarako.

8. ERANSKINA. Ezin da esan klase pasiboen eta lanean ari den populazioaren arteko ehunekoa luzaz aldatzen ari denik azken urteotan, pentsiodunak gero eta gehiago direlako. Benetako bilakaera datuek argitzen dutenez, lanean ari direnen kopurua handitu egin da klase pasiboen aldean, eta merkatuan aldagai gehiegi dago besterik gabe esateko etorkizunean joera hori aldatuko dela esateko. 1996an Euskadin 754.000 pertsona zeuden klase pasiboetan, horietatik 432.500 haur eta gazte, eta 321.000 erretiratu. Urte hartan, 690.000 pertsona ari diren lanean, hau da, 1,09ko proportzioa. Aldiz, 2016an klase pasiboetan 870.000 daude, erretiratuak 150.000 gehiago direlako, baina, aldi berean gazte gutxiago dago, 35.000 inguru. Gainera, lanean ari direnak 905.000 dira, besteak beste emakumea lan merkatura sartzen joan delako. Beraz, indize hobea dugu orain, 0,96koa baita. Zaila da aurrez esatea zelako bilakaera izango duen indize horrek etorkizunean. Aldagai asko daude jokoan: emakumeen eskubideak, enplegua, jaiotza-tasak, ongizate politikak, immigrazioa eta okupazio-tasa, besteak beste

9. ERANSKINA. Pentsioak duinak direla frogatzeko, azken lansarien ordezte tasa argudiatzen da, % 82 inguruan baitago. Hau da, pentsioak maila horretan omen daude, erretiratu aurreko lansariaren aldean. Tasa hori oso labaingarria da, lansarien benetako mailari lotua baitago erabat. Krisiaren aitzakiatan gertatu den lansarien murrizketa ikaragarriak guztiz desorekatu du pentsioen eta lansarien arteko proportzioa. Alegia, pentsioak ez dira handiak, baizik lansariak dira apalegiak. Espainian, lansaria da biztanle bakoitzeko BPGd-ren % 1,06. Aldiz, Frantzian % 1,12; Belgikan % 1,22; eta EAEn soilik % 0,94.

10. ERANSKINA. Kotizatutakoen pentsioak (guztien % 88,1) finantzatzen dira langileek egindako kotizazioen bidez; aldiz, kotizatu gabekoen prestazioak (% 8,9), estatuaren aurrekontuetatik finantzatzen dira orobat. Baina ez da beti hala izan. Bi bide horiek bereizten hasi ziren 1997an Toledon egindako Itunaz geroztik. Eredu unibertsalista edo kotizatu gabekoena elkartasun irizpide batean oinarritzen da: pentsioa edo prestazioa jasotzen da aurrez lan egin ala ez egin. Irizpide hori bera erabiltzen da osasungintza, irakaskuntza, mendekotasuna edo gizarte laguntzak finantzatzeko; baita gastu militarrak edo monarkia ere! Aldiz, pentsioak ordaintzen dituzte soilik lanean ari direnek beren lansarien bitartez; zuzenago litzateke, noski, populazio osoak ordaintzea, aurrekontuen bitartez.

11. ERANSKINA. Europar Batasunak erreformak bultzatzen ditu, baina ez pentsioen gastua Europako eskuzabalenetakoa delako. Ez da hala, ez pentsioetan, ez gastu sozialetan, Eustatek ematen dituen txostenetan ikus daitekeen bezala. Ongizate gaietan (osasungintza, irakaskuntza, babes soziala…) biztanle bakoitzeko Frantziak 10.818 euro erabiltzen ditu; Euskadik 8.374, eta Espainiak 6.263. Horrek esan nahi du BPGd-ren % 33, % 24,3 eta % 24,7, hurrenez hurren. EAEn inbertitzen da gutxien, jendearen beharretan. Frantzian batez besteko pentsioa da 22.000 euro; Alemanian 16.000 euro; Grezian 13.300 euro; Espainian 13.200 euro; eta EAEn 15.366 euro. Gogoan izan behar da urteko aberastasuna edo BPGd antzekoa dela EAEn eta Alemanian.

Jose Agustín Arrieta (AGIJUPENS Elkarteko lehendakaria), Felix Elcoroiribe (AGIJUPENS), Antton Ibargutxi (ASPALGIko lehendakaria), Pilar Rojo (ASPALGI), Jesús Oceja (COESPE Gipuzkoako idazkari), Andrés Bergaz (COESPE Gipuzkoa), Victorio Abalia (FEVAAS Donostialdea Elkarteko lehendakari), Miguel Gortari (FEVAAS Donostialdea Elkarteko eledun), Juan Mari Tomasena (GEPE Elkarteko lehendakari), Antton Karrera (GEPE), Miguel Calvillo (HELDUAK ADI Elkartea), José Manuel Susperregi (HELDUAK ADI), Jose Luis Elosua (NAGUSILAN Elkarteko lehendakari), Maite Jauregui (NAGUSILAN), Juantxo Dominguez (PENTSIODUNEN SAREA Elkarteko eledun), Alberto Martínez (PENTSIODUNEN SAREA), Valeri Viguera (Andoaingo plataforma), Jose Antonio Nafarrete (Arrasateko plataforma), Marian Esnaola(Donostiako Alderdi Eder plataforma), Arrate Berasaluce (Eibarko plataforma), Marcos Tolosa (Hernaniko plataforma), Nieves Uranga (Hondarribiko plataforma), Jokin Uranga (Irungo plataforma), Marisa Martin (Larsarte-Oriako Koordinakundeko eledun), Floren Moro (Pasaiako plataforma), Ana Gallén (Zarauzko plataformako eledun), Vitaliano Rodríguez (Zumarragako plataforma). Donostian, 2019ko abuztuaren 30ean

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión /  Cambiar )

Google photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google. Cerrar sesión /  Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión /  Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión /  Cambiar )

Conectando a %s

A %d blogueros les gusta esto:
search previous next tag category expand menu location phone mail time cart zoom edit close